2017(e)ko urriaren 19(a), osteguna

Aurten ere Arnasguneak tailerra



Arnasguneak euskaldunen kontzentrazio demografiko handiko guneak dira. Espazio soziofuntzionalak (familia, ikastetxea, lantokia…) edo espazio geografikoak (herriak..) izan daitezke arnasgune. % 70etik gorako ezagutza tasa duten udalerri euskaldunak euskararen arnasguneak dira. 5.000 biztanle baino gehiagoko herrien artean Azpeitia eta Azkoitia dira euskararen arnasgunerik indartsuenetarikoak.

Adituek esana da hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusi den esparruak behar dituela. Biziberritu nahi duen hizkuntzak arnasgune horietan aurkituko du helduleku nahikoa bai belaunaldiz belaunaldiko transmisioari, bai hizkuntzaren funtzio komunikatiboari, bai hizkuntzaren balio erreferentzialari dagokionez. Horregatik esaten dugu arnasguneak eredu eta arnasa direla eremu erdaldunagoentzat.

Udalerri euskaldunen inguruan egin diren azterketa guztiek erakutsi dute arnasguneak ahultzen ari direla: ezagutzak eta erabilerak behera egin du, oro har, udalerri euskaldunenetan.

Horregatik, udalerri euskaldunei behar besteko garrantzia aitortu behar zaie eta horiek babesteko neurriak hartu behar dira. Arnasgune horiek zaindu, sortu eta hedatu ezean, alferrik izango baita, seguruenera, gainerako ahalegin oro.

ZERGATIK TAILER HAU?

Udalerri euskaldunak, eta, hortaz, Azpeitia (eta inguruko herriak), euskararen arnasgune izanik, beharrezkoa iruditzen zaigu duten garrantziaren jabe egitea eta horiek zaintzeko zein hedatzeko norbanakoak aktibatzea. Finean, euskaraz garela harrotasunez eta erantzukizunez bizitzera bultzatu nahi dira ikasleak.

Horregatik guztiagatik, ikasle aktiboak eta ekintzaileak eragiteko, UEMA gidari, Azpeitiko 2. DBHOko ikasleekin Arnasguneak tailerra egin da irailean. Irailaren 19an, 21ean, 22an, 26an, 28an eta 29an ordu eta erdiko saioak egin dituzte; lehenengo saioan, hipotesiak, kokapen teorikoa (bideo didaktikoa), mugak, hutsuneak, espazioaren irudiak...; 2. saioan, hutsune eta arrazoiak aztertuta, normalizazioan norbanakoak zer egin dezakeen hausnartuta eta adierazita, eragiteko dekalogoa osatuko da.

Hizkuntza-ekologia praktikara eramatea da tailerraren proposamena, ekologismoaren oinarriak hizkuntzara ekarrita: hizkuntza batek bizirauteko berezko ingurua (habitata) behar du, babestu beharrekoa, naturan animaliek eta landareek bezalaxe. Habitata zenbat eta osasuntsuago eta sendoago egon, orduan eta errazagoa izango da arnasguneak ingurura hedatzea. Hortaz, babesik eraginkorrena, dudarik gabe, arnasguneen hedapena izango da, inguruko herri erdaldunagoetara goazenean ere euskaraz jardunez.

Bestalde, UEMAren Hezkuntza Proiektuak ere badu tokia gurean: hizkuntza ekologiari eta arnasguneei buruzko hainbat jarduera burutuko dira aurten ere DBHn (duela 2 urtetik hona martxan!). 4. DBHn, 2. hiruhilekoan, hainbat unitate, jarduera landuko dira ikasleekin:Burubeltz konpartsa, Hizkuntzaren eko-logika, Lurralde bat arnas-berritzeko, Ahoz ahokoa atsegin dugu, Soilik eta bakarrik, Berezkoa eta ofiziala…

Etorkizunean, ez oso urruti, gurasoekin lan egiteko asmoa ere badugu: haiek ere oinarri soziolinguistikoen jabe egin, ahaldundu, aktibo izan daitezen! Izan ere, zenbat eta gehiago izan eta aritu, orduan eta hobeto hartuko du arnasa euskarak.




Hizkuntza Normalkuntza Batzordea